2020-2021 JARDUEREN MEMORIA
01 Lehendakariaren agurra 19/20 denboraldia Covid-19aren pandemia behingoz konpontzeko itxaropenarekin eta gure eguneroko bizitzako jarduera askori berriro ekiteko ilusioarekin itxi genuen, baina, tamalez, 20/21 denboraldia izan da, beste erakunde askorentzat bezala, gure Fundazioaren historia laburreko zailena. Izan ditugun mugen ondorioz, ezin izan dugu gure programen zati handi bat garatu. Izan ere, Real Sociedad Fundazioaren indarra askotariko ekimenen eta proiektuen bidez Gipuzkoako txoko guztietara iristeko duen gaitasunean datza, bestelako begirada batetik abiatuz. Begirada horrek Gipuzkoako pertsonen bizitza hobetzen lagundu nahi du. Zailtasunak zailtasun, 20/21 denboraldian gure lau ildo estrategikoei erantzuten dieten proiektuak sendotzen jarraitu dugu. Hauek dira lau ildoak: Hezkuntza, Gizarte eta ingurumen ekintza, Kirola eta jarduera fisikoa ongizate iturri gisa, Euskara eta kultura. Jokin Aperribay Real Sociedad Fundazioko lehendakaria. Ilusio berezia egiten dit denboraldi honetan hasitako proiektu berri hau nabarmentzeak: Bizikletaz Adinik Ez / En Bici Sin Edad. Proiektuaren xedeaz haratago (etxetik irteteko zailtasunak dituzten pertsonei eta egoitzetan bizi direnei trizikloz egiteko paseoak eskaintzea), lantzen ari ginen oroitzapen proiektuarekin batera, gure gizartearen errealitate eta premia desberdinei erantzuteko apustua sendotu nahi dugu, gaztetxoenetatik hasi eta zaharrenetaraino. Etorkizun hurbilean ildo horretan lanean jarraituko dugu, jarduera fisikoa eta zahartze aktiboa sustatzeko proposamen berriak bilatuz. Gipuzkoako futbol eredua hitzartutako kluben bidez garatzearen aldeko apustuari eusten diogu; lurraldeko erakundeekin lankidetzan dihardugu proiektu sozialetan, eta ingurumenarekin lotutako proiektuetan aurrera egiten ari gara. Real Sociedad Fundazioak denboraldi zail honetan landu dituen ekintzen laburpen bisual bat da memoria hau. Beste behin ere, erakundeen eta enpresen leialtasuna nabarmendu behar dut, zailtasun guztiak gorabehera gure Fundazioaren lana gauzatzen laguntzen baitigute. Aurten inoiz baino gehiago merezi dute nire errekonozimendua eta esker ona. 21/22 denboraldiari ilusioz begiratzen diogu pandemiaren eragina jasan duten programei berriz ekiteko, arrazoi beragatik atzeratuta geratu diren proiektu berriak abian jartzeko eta bestelako ekitaldi esanguratsuez gozatzeko; horien artean: Gabonetako alebin txapelketak, Aste Santuko Nazioarteko Txapelketa eta ElkarriOn eta Real Sociedad Fundazioaren Eguna bezalako hitzorduak. Real Sociedad Fundazioaren abentura zoragarriari ekin genionean geneukan ilusio eta indar bera daukagu orain ere. Beti pertsonen ongizatean pentsatuz.
RkJQdWJsaXNoZXIy MTEwNTc5